XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bizitza berri bat!

Horixe zen berak nahi zuena.

Horretxen zai zegoen.

Segurasko hasi zuen jadanik.

Han non errespetatu zuen neska inozente hura, adibide.

Ez zuen ordea, aurrerantzean berriro inozentzia tentatuko.

Ona izango zen.

Hetty Merton-en gainean pentsatzen ari zela, bere buruari galdezka hasi zitzaion, gela itxi hartako erretratua batere aldatu ote zen dagoeneko.

Segurasko ez zen aurrerantzean lehen izan zen bezain nardagarria izango?

Beharbada, handik aurrera bizimodu garbi bat eramaten bazuen, gauza izango zen aurpegi hartatik grina gaizto guztien seinaleak oro uxatzeko.

Beharbada, gaiztakeriaren zeinu guztiak aldeginak izango zituen jada.

Joan eta erreparatu egingo zion.

Hartu zuen mahai gaineko lanpara, eta eskilaretan gora igo zen.

Atea irekitzen ari zen bezala, poz irrifarre batek gurutzatu zion bitxiki gazte itxurako bere aurpegi hura, eta ezpain gainean iraun zion artean beste piska batean.

Bai, ona izango zen, eta aparte izkutatuta eduki zuen gauza nazkagarri hura, ez zen jadanik gehiago berarentzat terrorea izango.

Sentitu zuen, zegoeneko, karga bat arindu izan baliote bezala.

Isilik sartu zen barrena, ohitura zuen bezala bere atzetik atea itxiz, eta alde batera baztertu zuen erretratuaren zintzilikario purpura hura.

Min eta amorru karraxi batek aldegin zion bazter guztiak lehertuz.

Ezin zezakeen erretratuarengan batere aldaketarik somatu, begietan zuen begirada maltzur hura, eta ahoan ageri zuen beste hipokritaren zimur bihurritu hura izan ezik.

Artean gorrotagarria ageri zen gauza hura... lehenago zen baino gorrotagarriagoa ere, hala izan bazitekeen... eta eskua zikintzen zion ihintza eskarlata hark argiagoa zirudien, eta berriro ere odol berria isuri izan balu bezala.

Gero dardar jarri zen.

Banitate hutsa izan ote zen, ekintza on bakar hura egitera bultzatu zuena?

Edota sentsazio berri bat lortzeko desioa, Lord Henryk, bere barre irrikatsu harekin adierazi zion bezala?